Joan den urrian, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizitegi-bazterketa egoeran bizi diren pertsonei buruzko txosten bat aurkeztu zuten, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta EAEko hiru foru aldundiekin elkarlanean. Txosten horretan, aurreko urtean hiru hiriburuetan gauez egindako zenbaketa batekin loturiko datuen berri ematen da, bizitegi-bazterketa egoera larrienean dauden herritarrak zenbat diren eta zer ezaugarri dituzten azaltzeaz batera. Horretan, entitate eta pertsona ugari ibili ziren boluntario-lanetan; haiei guztiei esker egin zen, hain zuzen, lehen zenbaketa hura.
Gure aurreikuspenak betetzen badira, datorren urrian beste zenbaketa bat egingo dugu, zenbait alderdi aztertzeko: Euskadin bizitegi-bazterketa egoeran bizi diren herritarren kopurua bi urteotan zenbateraino igo den, besteak beste.
Ekimen hori sustatu duten administrazioek, Euskadiko bizitegi-bazterketari buruzko I. Jardunaldi hauen bitartez, hauxe lortu nahi dute: batetik, egindako ikerketa horren ondorio nagusiak ezagutaraztea; eta bestetik, eztabaidagune bat sortzea, bizitegi-bazterketari eta hari aurre egiteko landu beharreko politikei buruz hausnartzeko aukera emateko.
Horretarako, programa bat diseinatu dugu, oinarrizko helburu hauek ardatz harturik:
- Bizitegi-bazterketaren harira Europako beste herrialde batzuetan jorratutako politikak ezagutaraztea. Horretan, batez ere Eskoziako egoerari erreparatuko diogu, eta Europako zenbait hiritan garatutako «housing first» ereduak aztertuko ditugu.
- Espainiako Estatuko beste hiri batzuetan, hala nola Madrilen eta Bartzelonan, martxan jarritako neurri eta baliabideen berri jakitea.
- Kolektibo horri laguntzeko gure autonomia-erkidegoko administrazioetan landutako politika sektorialei buruz osasuna, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, diru-sarrerak bermatzeko neurriak gogoeta egitea.
- Kolektibo horretako pertsonen premiei aurre egiteko landu beharko liratekeen baliabideei eta programei dagokienez, tokiko eta foru aldundietako gizarte-zerbitzuetan lanean diharduten teknikarien arteko eztabaida erraztea, bai eta Hirugarren Sektoreko entitateen artekoa ere.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek elkarrekin batera antolatu dituzte Jardunaldi hauek.